Zeruan ez da gizonen fama eskatzen duan izarrik; argitasuna daukanak ez du alabantzaren beharrik. Enkantatuta a(u)rkitzen naiz ta bihotza daukat zabalik: pentsamendutik ezin det kendu e(z)nagoela bakarrik. Nere maitea ez da usoa, nahi bada, ez da airosa. Azala ere beltxarana du, horrek ematen dit poza. Nabarra ez da zuria eta zuria ez da arrosa, baina arantzak dauden artean, larrosa beti larrosa. Bere betera abiatu da denboraren baliua; desditxatuen bakardadeak ikusi du heriua. Frutu beltzaren izerditikan egiten da oliua; Pasiuaren arratsaldian sortu zait amoriua. A(u)rkitu nuen fortunarekin a(ha)ztu nuen dolorea; nahiagatikan ezin det gorde bihotzaren amorea. Dena ematen ari naiz, baina jasoko luke doblea, baldin baneuka zer eskainirik bertsoa baino hobea, Ozpinik ez da ardo bihurtzen, nahiz ta ardoa ozpindu; ilusiozko bertsoak ezin pesadunbrerik arindu. Sobra leudeke, urte haietan berak maitatu banindu; geroztik nere bihotz gaxuak ametsa franko egin du.