J. B.: Nagusi jauna, auxen da lana, amak bigaltzen nau berorrengana. N. J.: Ai, bigaldubo bazinduke maiz! Zu ikusita konsolatzen naiz. Xinista zazu oso zoraturikan nakazu! Orren polita nola zera zu? J. B.: Amak esan dit, etxeko errenta pagatzeko dirurik ez zuben-ta, ia egingo diyon mesere, illabetian geienaz ere, itxogotia; (sic) bara zierto dala ematia pasa baño len illabetia. N. J.: Logratutzia, errex alare, naiz ori ta beste zernai gauza're, seguru dala esan amari, zu baldiñ bazatoz mandatari; dudarik gabe, nere borondatiaren jabe zu zera, Juana Bixenta Olabe. J. B.: Beraz bertatik nua etxera poz aundi bat amari ematera; oraiñ ariyo, nagusi jauna, presaka juan biat amagana. N.J.: Ez zuazela; portatu zaite nik nai bezela, gaur etxera juan ez zaitezela. Zuben etxia dago irruti, birian zer gerta izan bildurti; bara iya pasa da eguna, arratsa berriz dator illuna; oraiñ juatia txartzat iruki, nere maitia; gaur emen bertan gera zaitia. Ez juan etxera, bire oietan, gabaz, bakarrik eta illunbetan; kontura erori zaitia zu: gabaz illunbian juan biazu peligro aundiz, eta obe dezu eun aldiz biyar goizian juan egun argiz. J. B.: Ezetz etsiya egon liteke, ni emen gelditu eziñ niteke; amak espero nau gaberako, eta ark espero naubelako, juan biar det nik; alaba ikusi bagetanik amak izango ez luke onik. N. J.: Emen zuretzat dira parako jaki txit goxuak afaitarako; erariya berriz, -Jaungoikua!-, illak piztutzeko modukua ardo onduba, ontzen urtietan egonduba, Malaga'tikan da bigalduba. J. B.: Jauna, berorrek, bañan alferrik, badaki armatzen lazo ederrik; lazua eiz bage gera dediñ, nere etxian nai ditut egiñ afaldu ta lo; naiago ditut ango bi talo, ta ez emengo milla erregalo. N. J.: Biyotz nereko dama polita, asmoz muda zaite, auxen tori-ta amasei duroko urre fiña, sendatu nai zazun nere miña, J. B.: Ez, jauna, ez, ez! Merezi beziñ kopeta beltzez, esango diyot ezetz ta ezetz! N. J.: Gañera berriz, Juana Bixenta, utziko dizutet etxeko errenta kito zor dirazuten guziya, kunplitzen banazu kutiziya. J. B.: Lotsa gogorra!! Sufritzen dago gaur nere onra, penaz malkuak darizkit orra!! N. J.: Nik ditut kulpak, ez egiñ negar, orlakorik ez nizun esan biar; animan sentitutzen det miña zuri ofensa ori egiña. Maldiziyua! Ez dakit nun nekan juiziyua, eskatzen dizut barkaziyua! J. B.: Barkaziyua, du-ta eskatu, nere biyotz onak eziñ ukatu; erakutsi ditalako, jauna, gaitz egiñaren damutasuna, konforme nago; ez egiñ-ta ofensa geiago, gaurkua oso aztutzat dago. N. J.: Berriz nik egiñ zuri ofensa? Arren orlakorik ez bara pensa! Zaukazkit neskatxa fiñ batetzat, eta gusto aundiz emaztetzat artuko zaitut; biyotzetikan esaten dizut, zuretzat ona baderizkizut. J. B.: Ori egiyaz baldiñ badiyo, neregana egon liteke fiyo; bañan usatubaz kortesiya, ama neriari lizentziya eska bezaio. N. J.: Ori gustora egingo zaio, biyar goizian juango naitzaio. J. B.: Banua oraiñ. N. J.: Atoz onuntza, birerako artu zazu laguntza. Adi zazu, morroi Joxe Juakiñ etxera farolan argiyakiñ aingeru oni gaur zuk laguntzia da komeni, kezketan egon ez nariyen ni. Morroiak: Aingeru ari lagundu eta orra, jauna, egiñ ostera buelta; birian, bai, bildurtxo zan bera, bañan allegatu-ta etxera kontentu zegon; oraiñ kezketan ez du zer egon, oiera juan ta pasatu gau on. Eldu zanian urrengo goiza, nagusiyak zuben kunplitu itza juan zitzaion amari etxera, andretzat alaba eskatzera; amak txit firme artu ta gero milla informe, gelditu ziran biyak konforme. Andik zortzi bat egunetara, edo amar ziran ez dakit bara; ez, amar eziñ zitezken izan, andik zortzi egunera elizan ezkondu ziran; ezkondu ta etxera segiran, jendia franko bazuten jiran. Bost illabete edo sei ontan ez dirade beti egondu lotan; eman dute zenbait jirabira eta gozatutzen bizi dira ditxak ausarki; obeto eziñ litezke arki, espero dute aurtxo bat aurki. Dama gaztiak, ez egon lotan, begira zaitezte ispillu ontan gustatuta birtute ederra, andretzat artu bere maizterra du nagusiyak; orla irabaztera graziyak saia zaitezte beste guziyak.