Ni naiz txit gauza gozoa eta poztasun osoa, beltza naiz ta zuria, indarra naiz ta garboa eta deritzat ardoa. Noe gizon aditua, zedorren pentsamendua izan zen txit haundia, paratzea mahastia; zu zara ardoren autore, O! Zorioneko Noe Edari maitagarria, tristearen alegria! Duzu alaitzen begia, kentzen melankonia, mutua ipintzen kantari eta errena dantzari. Hautsi, atera, ebakia, llaga dela edo zauria, kuratzeko belarra, klareta edo nafarra, moskatela edo malaga, edozein ardo ona bada. Erregin ta erregeak, munduko agintariak, apaizak ere ongi, fraideak are hobeki, altxatzen dute goizetik ukalondoa gogotik. Ardoaz dago alegria, musika, dantza, armonia; baina bada hasitzen belaunak limuritzen, eta irakiten burua ezta gauza onik orduan. Ai, niri zer egin ote zai! Oinez ibiltzen ahaztu zait! Burua jaso ezin dut, lurra idoro ezin dut; triste dut bihotza guztiz, edan dezadan, ea, berriz. Ai, hau edari gozoa! Zerutik jetsitakoa! Zenbat eta hondorago hainbat haiz gozoago! Jainkoak bedeinka hazala nik bedeinkatzen hautan bezala. Baso honetan ikustean poza diat bihotzean, hemen begiraturik ba naukak txoraturik; zer egingo eztuk barrenean? Sar hakit bada, lehen bait lehen Eska zaiogun Jaunari demala indar zepari, libra dezala harritik, izotz, lehor larritik; erreza zaigun berari digun mahats ona ta ugari.